martes, 15 de mayo de 2007


Gurpegiri indultua emateko lan egingo du Espainiako Futbolarien Elkarteak
Elkarteko bozeramaileak adierazi duenez, dopajearen aurkako lege berriari esker jokalari zurigorriari ezarri zioten zigorra arindu beharko liokete, zenbait urte igaro baitira positibo eman zuenetik.
Espainiako Futbolarien Federazioak (AFE) Carlos Gurpegi Athletic Clubeko jokalariari indultua eman diezaiotela eskatzea adostu zuen atzo Madrilen egindako ohiko batzar orokorrean, Gerardo Gonzalez Movilla erakundeko presidenteak esan duenez.

Adierazpenak dopajearen aurkako lege berriaren onartzearen harira egin ditu Gonzalezek. Aipatu legea otsailaren 23an onartu zuten.

Gurpegiri babesa emango diogu. Herrialde honetan 'tolerantzia zero' aldarrikatzen duen dopajearen aurkako lege berri bat dago eta guk zerotik hasteko eskatzen dugu. Hortaz, indultua eskatzen dugu edo bera laguntzeko modu bat", esan du Gonzalez Movillak asanbladaren bukaeran. Bileran jokalaria bera egon da eta Ahtleticeko kapitain Ismael Urzaiz lagun izan du.

Izan ere, Gonzalez Movillaren ustetan lege berriak utzitako testuinguru berriarekin zigorraren arintzea mereziko luke Gurpegik, positibo eman zuenetik lau urte baino gehiago igaro direlako. "Gai hau ikertzen ari gara. Jokoaren arauak non hasten diren dakigunaren erakusle da. Hori dela eta, zerotik has daitezela proposatzen dugu", esan du.

Andosillakoak positibo eman zuen 19-norandrosteronarekin, nandrolonaren metabolito bat, Anoetan Realak eta Athleticek jokatutako partida baten ostean egindako kontrolean, 2002ko irailaren 1ean.

No hay comentarios: